viernes, 11 de mayo de 2007

“Ingurugiroaren eta osaunaren kudeaketa, hirigintza soziala eta garapen jasangarriarekin batera, dira gure bizitza kalitatearen funtsezko zutabeak.”
-Andres Lezeta-

Hirigintza kudeaketan zorroztasun faltak eta gizalege gabeziak exijitzekoa dugun bizitza kalitate mailatik urrun egotea ekarri du. Kontzientziazioa, kudeaketan zorroztasuna, ingurugiro-polizia eta herrien arteko kooperazioa izan behar dira norabidea aldatu eta bizitzea merezi duen Aretxabaleta berri bat egiten lagunduko diguten baliabideak.

- Andres, zeintzuk dira Aretxabaletan berandu gabe oldartu behar ditugun kezka eta arazoak?

Ingurugiroarekiko sentsibilitate faltak kezkatzen nau asko, hala nola jokabide honek dakartzan ondorioak. Baina ez planeta mailako arazo global bezala, baizik eta modu zuzenagoan gure osasunarekin zerikusia duten einean.

Gure bizitza kalitatea eta osasuna izugarri baldintzatzen dute zarata mailak, isurketek, hiri-irudiaren zainketak, esparru publiko eta hiri-altzariei errespetuak, etabar. Tamalez, ematen du inor edo oso gutxi direla hemen honetaz jabetzen direnak.

Bestalde, isurketei dagokionez, hiri esparrua motza gelditzen da haizeak, euriak eta hibaiek ez bait dute herrien mugez ulertzen. Horregatik, eta Leintz Bailara hiri-konurbazio bilakatzen doanez, ingurugiroaren erronkari elkarlanean egin behar diogu aurre. Kapaz izan behar dugu Aliantza Leniztar baten bitartez kudeaketarako behar ditugun bitartekoak eta zorroztasuna martxan jartzen.

No hay comentarios: